XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beraz, 2 unitatetik 8ra Paleozoikoaren hasieratik (Kanbriarra) honen bukaerara (260 m.u.) zabaltzen da, aro honetako goiko muga 250 m.u.tan kokatzen baita.

3. Galdera, b atala

Aurrekanbriarrean hasi zen serie honetako erregistro geologikoa (ikus a atala) 1 unitateko eskistoak emango zituzten material detritikoen metaketarekin arro sedimentario batean.

Hauen eraketaren eta seguraski beste material sedimentarioen metaketaren ondoren eskualdean prozesu orogeniko bat jazo zen, eskualdeko metamorfismoa eta deformazio tektoniko konpresiboa emanik, arroka detritikoak eskistotara eraldatuz eta hauek tolestuz.

Gero izaera azidoko aktibitate igneoa eman zen eskistoak ebakitzen dituen pegmatiten dike modura ikus genezakena, beraz, eskisto hauen eraketa eta tolesturaren ostekoak dira.

Hau aurrekanbriarrean gertatu zen (700 m.u.) eta ondorioz, aurreko prozesu guztiak aurrekanbriar garaia baino lehenago jazo ziren (ikus a atala).

Deskribaturiko fenomeno tektonikoek zonaren igotzea eta geroko higadura eragin zuten, material aurrekanbriar deformatuak serieko beste materialetatik banatzen duen diskordantzia-azala eratu zelarik.

Multzo diskordanteak (2 unitatetik 8ra, hauek barne) Paleozoikoan eratutako segida estratigrafikoa osatzen du (Kanbriar eta Permiarraren artean) fosil bereizgarriek eta 8 unitatearen basaltoen adin absolutuak (ikus a atala) adierazten dutenez. Hauen eraketak eskualdea Paleozoiko garaian berriro subsidentea izan zela erakusten du.

2 unitatetik 6rako sedimentazioa arro itsastarrean gertatu zen hasieran, Kanbriarrean, sakonera gutxikoa izanik, (2 unitateko arkeoziatidodun karearriak), ondoren sakonera handiagokoa (3 eta 4 unitateetako graptolitedun lutitak eta goniatitedun karearriak), gero berriro sakonera txikiko ingurunekoa egin zelarik (5 eta 6 unitateetako krinoideodun karearriak eta estromatolitodun karearriak).

Azkenik, arro sedimentarioa ingurune kontinentalekoa izatera pasa zen (flubiala edo alubiala) 7 unitateko narrasti handien oinatzak dituzten harearri gorriak metatu zirelarik.